Soldadu espainolak Leitzako lurretan "deus jakinarazi gabe" eta "inongo baimenik gabe" maniobrak egiten aritu direla salatu du Nafarroako udalerri horretako Udalak.
Ohar baten bitartez, Leitzako Udalak (Nafarroa) Armada espainolaren "presentzia" eta herriaren inguruetan egindako "maniobrak" arbuiatu ditu.
"Udalari deus jakinarazi gabe, inongo baimenik gabe eta herritarren artean arriskua eraginez", azken egunotan Leitzako lurretan maniobrak egiten aritu direla zehaztu dute.
Azaldu dutenaren arabera, soldaduen presentzia "izugarria" izan da. Oinez "ongi armatuta" ibili diren soldaduez gain, anbulantziak, kamioiak eta bestelako ibilgailuak ere baliatu ditu Armada espainolak bere ariketetan.
Gainera, Oier Eizmendi alkateak zehaztu duenez, "Udalak kasualitatez eta hainbat herritarrek egindako deiei eta salaketei esker izan du honen berri".
Hori dela-eta, "Leitzatik eta Euskal Herritik joateko exijitu nahi diogu Espainiako Armadari. Hemen ez dute tokirik euren gerra-jolasek".
Esan dutenez, "egun Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko itxaropentsuan ez dago inondik inora justifikatuta euren presentzia militarra".
No hay comentarios:
Publicar un comentario